Sari emateak

2018.04.19-elkar Sariak 2018 - Andoaingo Martin Ugalden

elkar Fundazioaren helburu nagusia euskal kultura sustatzea da.

Euskal Memoria Fundazioa saritzea erabaki du aurten elkar Fundazioak, hark egiten duen lana ere herri honentzat ezinbesteko ekarpena dela baloratzen dugulako.

Euskal Memoria Fundazioaren aurkezpenean irakur daiteke oroimena bildu eta zabaltzeko sortu zela, “geure historia guk geuk kontatzeko asmoz”, diote hitzez-hitz. Memoria historikoa errekuperatu eta ondorengoen eskura jarri nahi dute Euskal Herritik bertatik, bertakoen bidez landuta.

Bi balio ikusten ditu hor elkar Fundazioak, bere egiten dituenak eta oso garrantzitsu jotzen dituenak. Batetik, geure buruaren jabe izateko ahalegina, garrantzitsua baiteritzogu Euskal Herrian gai izatea zer izan nahi dugun erabakitzeaz gain, zer izan garen eta zer gertatu den irakurri, ulertu eta zabaltzeko gai izatea. Bestetik, transmisioa, herri honen historia eta kultura guk geuk zabaldu behar dugu ondorengoen artean, eta bide horretan garrantzi handikoa da Euskal Memoria Fundazioaren ekarpena. Eta ez da asmo soila, hartutako konpromisoari eutsiz, urtero liburu bat argitaratzen dute eta bi aldizkari, egindako lana gizarteratzeko helburuarekin.

Egiten ari den lanagatik, eta jarraipen luzea izan dezan esperantzarekin, 2018ko Ibilbideari elkar saria, Euskal Memoria Fundazioarentzat izango da.

elkar Sariak 2017

Ibilbideari elkar sariaren irabazlea Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa izan da aurten

Jakin-ek Proiektuari elkar saria jaso du
2017.04.27 - elkar sariak - sari emate ekitaldia
Sari emate ekitaldia osorik

elkar sarien bigarren emate ekitaldia ospatu zen Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean apirilaren 27an. elkar Taldeko Zuzendaritzako eta elkar Fundazioko Batzorde Eragileko kideak ekitaldira inguratu ziren hainbat gonbidatuak hartu zituzten arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bertan izan ziren, besteak beste, Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritza, Kultura sailburua), Ana Ollo (Nafarroako Gobernua, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria), Estibaliz Alkorta (Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza sustapenerako zuzendaria), Paul Bilbao (Kontseilua, Idazkari nagusia) Iñaki Soto (Gara), eta kultura eta euskararen munduko hainbat: Martxelo Otamendi, Jose Luis Ansorena, Nerea Mujika…, baita alderdi politikoetako hainbat ordezkari ere.

Kultur ekimena laguntzea da egitasmo honen helburu nagusia, baina baita, komunikazio ikuspegi batetik, elkar egiten ari den lana ezagutzera eman eta Euskal Herriko eragileekin batera partekatzea ere.

Iaz aurreratu genuen bezala, sarien barruan bi sari eta beka bat ditugu: Ibilbideari elkar saria, Proiektuari elkar saria eta Joseba Jaka beka. Lehena urtero emango da eta beste biak, txandaka, bi urtetik behin.

Aurten Proiektuari eta Ibilbideari saria eman ditugu, gaur arratsaldean Martin Ugalde kultur parkean ospatu den ekitaldian.

Proiektuari elkar saria

Beka emango ez den urteetan, kultur proiektuak laguntzeko asmoz sortu den saria da Proiektuari saria. Bi urtez behin emango da, beraz. Aurtengo saria Jakinek martxan jarri nahi duen proiektu bati ematea erabaki du elkar Fundazioak: XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa. Saria Jakineko Lorea Agirre, eta Joan Mari Torrealdaik jaso dute, elkar Fundazioko Mikel Esnal eta Olatz Osa patronatuko kideen eskutik.

60ko hamarkadatik gaur egunera arte, Euskal Herriko pentsamenduaren eta kulturaren garapenean berebiziko garrantzia duten hainbat euskal autoreren lana berreskuratzea, transmititzea eta zabaltzea da proiektuaren helburua. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izan da aukeratutako lehenengo autorea, eta bere obra ezagutzera emateko sareko ataria, eta ikus-entzunezko eta liburu bilduma osatuko du Jakinek elkar-en laguntzari esker.

Ibilbideari elkar saria

Sari hau Eresbil Musikaren Euskal artxiboak lortu du aurten. Eresbilek lan handia egin du urte luzez euskal musika bilatu eta jasotzen, gure ondare gisa gal ez dadin, eta garrantzi handiagoa duena, hurrengo belaunaldietara ere irits dadin.

Urteetan egindako lan hori da elkar Fundazioak, saritu, aitortu eta eskertu nahi duena. Balio handia du euskal kultura bildu eta transmititzeko egiten den lan orok, eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak euskal musikarekin egiten duenak ere halaxe du. 1974tik gaur arte etengabeko lanean aritzea, euskal musika gorde eta lantzea eta hori guztia euskal gizartearen esku jartzea garrantzi handikoa izan da, eta halaxe da gaur egun ere. Sari hau urterokoa izango da, eta urte luzeetan egindako lana saritzea, ezagutzea, du helburu. Kasu honetan ez da dirurik eman, Gotzon Huegun artegile lasartearrak egindako ikurra baizik. Saria Jon Bagüesek, Eresbileko zuzendariak jaso du Joxemari Sors eta Jon Jaka, elkar Fundazioko lehendakaria eta idazkariaren eskutik.

Ekitaldia Joxemari Sors elkar Fundazioko lehendakariak itxi du, eta, besteak beste, euskal kulturaren transmisio lana eta beharra azpimarratu ditu. Adierazi du gaur saritutako bien ezaugarri garrantzitsuenetakoa, bai Eresbilena, baita Jakinena, horixe dela hain zuzen: transmisioa. Eta etorkizunari begira, honakoa erantsi du: “Aurrerantzean kultur munduak bat eginda, gizarte eragileak eta instituzioak elkarlanean, kultur transmisioa egituratzeko gai izan beharko genuke; horrela etorkizuneko belaunaldiak jakintsuagoak, arduratsuagoak izango dira. Modu horretara egingo den bidea ez du zergatik izan behar orain artekoa berriro egitea; bide berriak eraikitzea, zabaltzea da bidea, baina ondo egiteko, hartuko diren erabakiak hartzerakoan, aurretik hartu direnen ezagutza izatea beharrezko da”.

 

elkar argitaletxea Ttarttalo Oihuka Sua argitaletxea Txertoa elkar banaketa elkar